ARTIKULAZIOEN MUGIMENDUA BERRESKURATU | GIHAR ZEIN ARTIKULAZIOEN MINA ARINDU | FUNTZIONALTASUNA HOBETU

Eskuzko fisioterapia muskulueskeletikoa

NEURODINAMIKA

Neurodinamika nerbio periferikoaren disfuntzioa jorratu nahi duen eskuzko kontzeptua da. Nerbioak zein arazo duen ezagutzeko, ezagutza zientifikoan oinarritzen den diagnostikoa egiten dugu lehenik eta behin. Diagnostiko egokia egitea ezinbestekoa da, tratamentua egokia izan dadin. Izan ere, mekanismo ezberdinek sor dezakete nerbioak ematen duen mina, eta sailkapen egokia egitea garrantzitsua da, patroia egoki identifikatzeko. Froga kuantitatibo sentsorialek, test neurodinamikoek eta pazienteak azaltzen dizkigun sintomek emango digute tratamentua ongi bideratzeko informazioa.

Lesioaren nondik norakoak detektatuta, nerbioak sortutako minaren gutxitzea eta neuromodulazioa bilatzen ditugu, nerbio sistema mobilizatuz eta deslizatuz, eta baita azpiko interfazeen liberazioa ere. Teknika hau erabiltzera garamatzan pazienteek honako perfila dute: bizkarrezurretik datorren gorputz adar bateko min irradiatua duena, hala nola ziatika, zerbikobrakialgia, nerbioan eragina duen hernia diskala, eskutako txingurritasuna, sentsibilitatea galtzea edo indar falta, tunel karpianoaren sindromea, etab.

MIN KRONIKOA

Definizioaren arabera, min kronikoa 3 hilabete baino gehiago irauten duen mina da. Dena dela, definizio hau oso motz geratzen da, denboraren faktoreaz gain, ez duelako denbora luzez mina pairatzen ari den pazientearen inguruko hainbat faktoreren inguruan informaziorik ematen. Faktore guzti hauek identifikatzeak, bereziki faktore psikosozialak, definituko ditu tratamenduaren nondik norakoak.

Fisioterapia alorrean, min kronikoaren abordaia da, ziur aski, gehien ikertzen ari den alderditako bat. Neurozientzien eboluzioak eta garuna ikertzeko teknika berritzaileek, paziente hauetan inplikatuta dauden mekanismoak hobeto ulertzen hastera garamatzate. Hainbat ikastaro burutu ditugu gai honen inguruan, berebiziko garrantzia ematen baitiogu hain ohikoa den gai honetan eguneratuta egoteari.

Min kronikoa tratatzeko oinarria, hezkuntza eta aktibitatera gradualki itzultzea dira. Dena dela, paziente bakoitzak minaren pertzepzioan inplikatutako hainbat faktore izango ditu ezaugarritzat, eta tratamentua hauen arabera zehaztuko dugu. Hori dela eta, min kronikoa duenak, gure aldetik teknika anitzak izatea suposatzen du. Esate baterako, reentrenamentu sentsoriala, iruditegi graduatu motorea edo mindfulness teknikak, minarekiko atentzio selektiboa aldatzea ardatz izango dugularik.

MIN MIOFASZIALAREN TRATAMENDUA

Kontsultan gehien artatzen dugun min mota dela esatera ausartuko ginateke. Giharrek edo/eta ehun konektiboek sortzen dute. Min mota honen ezaugarrietako bat erreferitutako min-patroiak sortzen dituela da, lesioa duen giharretik distantzia batera sortzen diren minak alegia. Patroi hauen adibide ohiko bat lepoko giharren gehiegizko tentsioek pazientearengan sortzen dituen buruko minak dira, esate baterako. Min miofasziala honela lantzen dugu:

  • Teknika kontserbatzaileak: eskuz burutzen ditugu. Luzaketak, masajea, kontrakzio-erlajazio teknikak, liberazio miofasziala, etan.
  • Teknika inbaditzaileak: puntzio lehorra deritzon teknikarekin burutzen ditugu. Akupuntura orratz batekin burutzen dira, inolako substantzia edo medikamentu sartu gabe. Frekuentzi bajuko korronte elektrikoa ere erabil daiteke teknika hontan, elektropuntzioa edo azalaren bitartez egindako neuromodulazioa.

ARIKETA TERAPEUTIKOA

Ariketa terapeutikoa da eskuz egindako tratamendu pasiboari kontsultan gehitzen diogun ohiko tresna. Pertsona bakoitzari egokituta ariketa zehatzak dira, eskuz pasiboki lortutako onuren efektuak handitzea ahalbidetzen dutenak. Literatura zientifikoan asko ikertu da ariketa terapeutikoaren bitartez ematen den minaren modulazioa.

Hori dela eta, ariketa terapeutikoa tratamentu gisa erabiltzearen inguruko ebidentzia badago. Orokorrean, ariketak edozein min tratatzeko egokiak direla baiezta genezake. Gakoa min zehatz hori duen paziente zehatzari egokitzea da, egoerari zein lesioari, noski. Adibideak anitzak dira. Esate baterako, zerbikaletako minak tratatzeko kontrol motore ariketak aukera on bat izan ohi diren bezela, tendinopatia pairatzen duen kirolariari bideratutako karga, intentsitate zein maiztasun egokiak definitzeko lana ere ariketa terapeutikoaren barnean kokatzen da.

MASAJE TERAPEUTIKOA

Masaje terapeutikoa fisioterapeutaren herramintarik ezagunena eta erabilienetarikoa da. Minaren modulazioa helburu duen esku terapia mota bat dela esan dezakegu, sistema muskuloeskeletiko, baskular, nerbiosoan, etab, hainbat erreakzio fisiologiko bilatzen dituena. Pazientea terapeutikoki arintzen du.

TEKNIKA OSTEOARTIKULARRAK

Alterazio artikularrek sortutako minak dituzten pazienteak ere oso ohikoak dira kontsultan. Minaz gain, mugikortasuna mugatua izatea da paziente hauen lesioen ezaugarrietako bat. Teknika hauek artikulazioaren hipo- eta hipermugikortasun kasuetan aplika daitezke, paziente bakoitzaren egoera konkretuaren arabera. Kontzeptu eta teknika anitzak erabiltzen ditugu, Mulligan kontzeptua, Maitland, Kaltenborn eta Osteopatia teknikak, esaterako.

GTM

Giltzadura tenporomandibularra (GTM) masailezurra garezurrarekn lotzen duen giltzadura da. Giltzadura honek dituen mugimendu nagusiak irekitze/itxiera eta didukzioak dira, murtxikatzeko zein fonaziorako ezinbestekoak diren mugimenduak.

Gizartean uste baino ohikoagoa da artikulazio honek sortutako disfuntzio edo arazoak dituen jendea aurkitzea. GTM disfuntzioaren síntoma nagusia masailezurreko mina da, baina ez bakarra. Izan ere, GTMko arazoek buruko, lepoko edo bizkarreko mina ere sor dezakete, eta ez da arraroa izaten pertsona hauek mina artikulazio horrekin ez lotzea..

Fisioterapia bruxismo arazoetan (hortzak estutzeko joera) ere baliagarria izan ohi da, baita ahora irekitzeko zailtasuna, masailezurreko krakatekoak, zorabioak, belarri barneko “zaratak”, etab agertzen direnean ere.

Masailezurreko mugimendua errekuperatzea, bertako tentsioa kontrolatzea eta mina gutxitzea dira gure lanaren helburu nagusiak.