EREMU PELBIKOKO MUSKULUAK, TENDOIAK ETA NERBIOAK TRATATZEKO ETA BIRGAITZEKO FISIOTERAPIA

Zoru pelbikoaren fisioterapia

ERDITZE AURREA

Haurdunaldian zehar, emakumearen gorputzak aldaketa fisikoak eta tentsioak jasaten ditu. Ernaltzetik hasi eta erditu arte, haurdunaldiko edozein garaitan, umeki eta amaren arteko lotura estrukturalak aldaketak izaten ditu etengabe, eta aldaketa hoiek disfuntzio somatikoak sor ditzakete. Disfuntzio somatikoen fisioterapia/osteopatía diagnostiko eta tratamentuak homeostasia hobetzen dute, eta haurdunak aldaketa hormonal eta estrukturalak hobeto onartzea dute xede. Horrela, uteroaren hazierak sor ditzaken minak gutxitzen dira. Fetoa handitzeak emakumearen estruktura eta biomekanikan aldaketak sortzen ditu, odolaren zirkulazioan eragina du eta aldaketa hormonalak sor ditzake. Tratamentuaren bitartez, haurdun dagoen emakumea aldaketa hauetara ahalik eta ondoen egokitzea bilatzen da. Era berean, haurdun geratu aurretik emakume horrek zuen egoerara itzultzea izango da errekuperaziorako helburu nagusia.

ERDITZE ONDORENA

Haurdunaldia baino lehen errai eta sistema desberdinak zeuden egoerara itzultzeko beharrezkoa den denbora tarteari deritzogu erditze-ondorena.

Haurdunaldi eta erditzeak, zoru pelbikoko muskulatura asko ahultzea dakar, aldaketa funtzionalak eman daitezkelarik. Erditzean zehar, perineak distentsio handia jasaten du, haurra atera ahal izateko. Urratuak eta episiotomiaren erabilera ohikoak izaten dira.

Hori guztiagatik, gure lanaren helburuak, egoerak baldintzatutako estrukturak baloratzea, ehunen tentsioak lasaitzea eta desoreka postural eta muskuloartikularrak aurreikusi edo rekuperatzea dira.

INKONTINENTZIAK

Gernu-inkontinentzia, pazienteak pixa borondatez kontrolatzeko ezintasuna, ohiko arazoa da eta bizi kalitatean eragin nabarmena izaten du. Inkontinentzia pairatzen duen pertsonarengan soilik ez gainera, gertuko senide eta zaintzaileen jarduna ere baldintzatzen baitu. Doministiku edo eztula egitean tanta batzuk galtzetik, komunera garaiz ezin iristerainoko intentsitatea izan dezake gernu-inkontinentziak.

Fisioterapia diagnostiko eta tratamentu goiztiarrak, neurri egokiak hartu eta arazoa larritzea eragotziko du.

Tratamentuaren helburu nagusiak lesioak osatzea eta gaitasun funtzionala ahalik eta azkarren errekuperatzea dira. Errehabilitazioa pasiboa zein aktiboa izan daiteke. Pasiboa elektroestimulazio bidez egiten da. Aktiboa, klinikan burutzen duguna, berriz, zoru pelbikoko ariketak egitean datza, biofeedback edo txinatar bolen bidez. Hipopresiboen teknikak, era berean, tono muskularra hobetzea bilatzen du, aldi berean gernu-inkontinentzia pairatzeko aukerak gutxituz.

HILEROKOAREN MINA

Hilekoaren mina ohikoa izateak ez du esan nahi normala denik. Ez da normala prozesu fisiologiko bat minez gertatzea. Hilerokoa hantura fisiologiko txiki bat den heinean, hanturari loturiko sintomak ditu bere baitan, baina inongo kasutan ez lukete egunerokoa mugatu behar.

Minaren arrazoietako bat, aipatutako hantura hau konpontzeko gure gorputzak daukan gaitasun faltan egon daiteke. Gure lana, gorputzak duen gaitasun fisiologiko hori berreskuratzean datza. Hantura akutuak, berezko bidea egiten duenean, konponbidea du helmuga, horretarako badauzka gure organismoak hainbat molekula antiinflamatorio,zeinak, fibrosia eta hantura kronikoa saihesten duten.

Dismenorrea izateko beste arrazoi bat, odolusteko momentuan endometrioak duen tamaina izan daiteke. Endometrioaren bolumena hormona seinale bati lotuta dagoenez, hormona-desoreka batek minaren sorreran zerikusia izan dezake.

Hilerokoan izaten den hantura kontrolatu eta konpontzeko funtzioa duten molekula antiinflamatorioak eta odolusteari eragiten dion desoreka hormonala, elikadura eta bizi estiloan aldaketak eginez orekatu daitezke. Arlo hau lantzen dugu gure esparrutik.