TRATAMENDUAK

Linfedema

Sistema linfatikoak duen akats, lesio edo ezintasunak sortzen du linfedema. Edozein gorputz atali eragitea posible den arren, ohikoena gorputz adarretan agertzea da. Kaltetutako gorputz adarra haundituta, puztuta egoten da.
Jatorria kontuan hartuta, bi linfedema multzo banatzen ditugu:

  • Primarioen jatorria sistema linfatikoaren sorreratik dauden lesioak dira. Linfedema agertzean pazienteak duen adinaren arabera, jaiotzetikoak, goiztiarrak eta berantiarrak sailkatzen dira
  • Sekundarioak primarioak baino ohikoagoak dira. Osasuntsu dagoen sistema linfatikoak jasandako “eraso” baten ondorioz agertzen dira. “Eraso” hauek prozesu onkologikoekin lotura estua dute maiz, izan ganglioak kentzea, radioterapia saioak, edo tankerako prozedurak. Era berean, infekzio garrantzitsuek, ebakuntzek etab, linfedemak sor ditzakete.

Linfedemaren tratamentuan, prebentzioa tratamentua bera bezain garrantzitsua da. Linfedema garatzeko aukerak dituen pazientearen heziketa ezinbestekoa da, sistema linfatikoaren funtzioa eta dituen zailtasunak uler ditzan. Egoera honen aurrean, egunerokoan egin eta ekiden behar dituenak oso presente izan beharko ditu, informazio argia ematen diogu, eta alarma seinaleak zein diren oso garbi azaltzen diogu. Horrela, linfedemaren lehen zantzuak, izatekotan, erraz identifikatuko ditu pazienteak, eta garaiz artatuko genuke.


Pazientea linfedema garatuta iristen bada gugana, tratamentua drainatze linfatikoa (Leduc eta Vodder metodoak integratzen ditugu) eta konprimatze bendajean datza. Gaitzaren inguruko pedagogiak eta autodrenaje teknikek osatzen dute gure zeregina.